Aiako proba prentsan

AIAko proba prentsan

http://urolakosta.hitza.eus/2017/02/16/mapa-eta-iparrorratza-lagun/

MAPA ETA IPARRORRATZA LAGUN

Aiako 2016ko Orientazio Probako irudia. (Gipuzkoako Orientazio Taldea)
Aiako 2016ko Orientazio Probako irudia. (Gipuzkoako Orientazio Taldea)

Igandean ehunka lagun Pagoetako basoetan barrena murgilduko dira, mapa eta iparrorratza eskuan hartuta. Gipuzkoako II. Orientazio Ligako proba puntuagarria jokatuko dute Aian. Familiak, gazteak zein helduak bilduko ditu kirol hitzorduak.

Pagoeta Mendi Elkarteak antolatuta, Aiako kaskoan abiatuko dute proba, eta bertatik Pagoetako basoak zeharkatuko dituzte parte-hartzaileek. Hiru ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek: gorria (5,4 kilometrokoa) helduentzat; laranja (3,8 kilometrokoa) heldu hasi berrientzat, eta horia (2,5 kilometrokoa) umeentzat eta familientzat.

Proban parte hartu nahi dutenek, gauerdia baino lehen eman behar dute izena, Gipuzkoako Orientazio Taldeko webgunean helbidean.

Arlo fisikoa eta teorikoa

Mendiko jardueren artean ezezagunak dira orientazio probak, baina urtez urte indarra hartzen ari dira inguruan. Urko Mitxelena zarauztarra da azken urtean orientazio probetan murgildu den lagunetako bat. “Urte asko da mendian nabilela. Baina behin, Donostian, orientazio proba bat gertutik ikustea tokatu zitzaidan, eta hango giroa asko gustatu zitzaidan. Duela urtebete Hitzan irakurri genuen orientazio proba egin zutela Aian, eta antolatzaileek balizak jarrita utzi zituztela, nahi zutenek ibilbidea probatu zezaten. Etxekoak hartu eta probatzera joan ginen”, azaldu du Mitxelenak.

Pixkanaka orientazio probetan murgilduz joan da Mitxelena. “Batzutan familian eta beste batzutan bakarrik parte hartzen dut orientazio probetan”.
Parte-hartzaile bakoitzak bere mailara egokitutako ibilbidea aukeratu ohi du. Irteeran mapa ematen dute antolatzaileek. “Ahalik eta denbora gutxienean, mapan zehaztuta dauden balizak zeharkatu behar ditugu, eta mapa eta iparrorratza erabiltzen ditugu orientatzeko”. GPSaren garaian, iparrorratza eta mapa hartuta orientatzeko abilezia berreskuratu eta garai batean ikasitakoa praktikan jartzen dute parte-hartzaileek. “Kirol honek bi arlo uztartzen ditu: fisikoa eta teorikoa. Erabiltzen ditugun orientazio mapak, ez dira mapa topografiko arruntak; nahiko zehatzak dira, eta kolore eta sinboloak irakurtzen jakitea garrantzitsua da ondo orientatzeko”.
Horregatik, proba hasi baino lehen antolatzaileek ikastaro txiki bat eskaintzen dute. “Ni autodidakta izan naiz, eta nire kabuz pixkanaka ikasten joan naiz. Hala ere, ikastaroan ematen dituzten azalpenak oso baliagarriak izaten dira”.
Lehiaketa modu berezia
Orientazio probek lehiaketa jorratzeko modu berezia dute. “Norberaren buruaren aurka lehiatzen dugu, banan-banan ateratzen gara proba egitera, eta ez dugu beste parte-hartzaileen erreferentziarik izaten. Mendiko lasterketetan parte-hartzaile guztiok ibilbide bera jarraitzen dugu, eta bata bestearen atzetik korrika joaten gara”. Orientazio probetan, ordea, batetik bestera dabilen jendez josita ikusi daiteke basoa. Batzuk oinez lasai eta besteak korrika. Mitxelenak uste du, probaz proba trebetasuna hartzen joaten direla parte-hartzaileak, “bakoitzak bere maila fisikoaren eta orientazio ezagutzen arabera bere estrategia antolatzen du. Nik basoan abilezia handiegirik ez badut, bidezidorretatik joaten saiatuko naiz; eta ondo moldatzen banaiz, berriz, basoan barrena ibiliko naiz. Natura eta basoa deskubritzeko aukera aproposa izan ohi dira orientazio probak”.
Mitxelenaren iritziz, oro har «ondo pasatzea» izaten da parte-hartzaileen helburua. “Proba guztiak dira ondo pasatzeko, baina familiei zuzendutakoak etxeko txikiekin egiteko mundialak dira. Beraientzat jolasa da: kirola egiten duten bitartean, altxorraren bila ibiltzen baitira. Familian egiteko oso jarduera gomendagarria da orientazio proban parte-hartzea, umeak asko motibatzen dira”.

KONTSULTATU BAITA ERE

ESKER TXOSTENA GOL 2016-2017

GOL 2016-2017. Mendi orientazioaz gozatuko zenutelakoan. Hurrengo GOL-ean ikusiko gara.   Igande honetan, Ulia mendiko …