MAPA eta LUR-EREMUA

Rogainea igarotzen den gunea, geomorfologikoki, norabidea E-M izatetik H-I izatera aldatzen duen ibarraz, bere aurrez-aurreko mendi-magalez eta ibar nagusiarekin, mendebaldean elkartzen den bigarren mailako beste ibar batez osatua dago. Maldak, eremu baxuenetan izan ezik, gogorrak dira eta kartografiatutako eremuko altitudeak ibarren 300-400msnm, Hegoaldeko mendi-magalaren 900-1100 eta iparraldekoaren 500-600 msnm artean dabiltza.

Erreka eta surgentzia ugariko eremua da. Bide sare oparoa izateaz gain, utzitako bide asko ere ikus daitezke, iraganeko presio demografikoaren aztarna direnak. Etxola, hondakin, harresi eta hesi asko dauden lur-saila da, baita ibarren beheko eremuen partzelazio handia duena ere. Zorua ez da karstikoa ezta zona altuetan ere, baina mendilerroaren ebakiak degradatuz joan diren guneetan, lur-jotzeak (derrumbe) eman dira eta horren ondorioz, arrokak eta harriak daude. Gainera, mailen arteko desberdintasun gogorraren ondorioz, magaletako luiziak gertatu diren zonaldeak daude, orokorrean ibarbideetan (vaguada).

Era askotarikoa eta oparoa den landaredia du lur-eremuak. Une batzuetan, lorategi botaniko batean gaudela irudituko zaigu, zuhaitz-erako landaredia hostotsu eta ugariaren ondorioz. Proba garatzen den urtaroan, landaretza hostoz betea egongo da eta oihan itxura hartuko du inguruneak, batez ere, eremu baxuetan. Hala ere, zeharkatzeko egokiak diren baso ugari ere badaude. Orokorrean, zonalde altuenak pagoz osatuak daude eta baxuenak landaretza hostotsu (haritz, urki, lizar…) eta koniferoez (izei, laritz/alertze, pinu…) birpopulatuak. Larreak eta zelaiak ibar hondoetan agertzen dira. Guztia irizpide zabal batez azaldua dago, azkenean, partzelazio handiak, jabego pribatuak publikoarekiko duen nagusitasunak eta aloktonoen landaketa orokorrak, landare-mosaiko aberatsa sortu du-eta salbuespen ugari egongo dira.

Aurrez azaldutakoaren ondorioz, basoa zeharkatzeko aukera (mapan 3 berdeekin eta 2 marradunekin adierazia egongo da) hobea da altueran ibarrean baino, hala ere, ez da arau finkoa, eremu batetik bestera asko aldatu baitaiteke.

Azkenik, mapa trafiko gutxiko errepide batek zeharkatzen du ibar-hondoan eta trenbide batek Hegoaldeko magalaren erdialdean gutxi gore-behera. Azken honek gainera, tunel ugari eta luzeak sortzen ditu, baina ez du mapa nabarmen zatitzen.
Habitata, oraindik ere sakabanatua da, beraz, baserri eta etxaldeak aurkituko ditugu nonahi eta uneoro errespetatzen saiatu beharko dugu.
Zainketa, ohartarazpen, kartografiatu eta ibilbidearen berri aurrerago emango dugu.

Laburbilduz, fisikoki zein maparen irakurketari dagokionez, eskakizun handiko eremua dela uste dugu, baina aldi berean polita eta dibertigarria duen aniztasuna dela-eta..