JON y Kimetz en HITZA

JON y KIMETZ en HITZA

http://irutxulo.hitza.eus/2017/01/27/orientazioa-bidaide/

 

ORIENTAZIOA BIDAIDE

Kirol jarduera ezezaguna da oraindik orientazioa. Euskal Herrian geroz eta gehiago dira praktikatzen dutenak, eta Donostian bada familia bat orientazio munduan buru-belarri sartuta dagoena: Galarraga-Lopez sendia.
jonetakimetzgalarraga

Jon eta Kimetz Galarraga aita-semeak. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Mendizaleei zuzenduriko kirol jarduera da orientazioa. Egun batean, Jon Galarraga (Egia, 1947) eta Kimetz Galarraga (Egia, 1999) aita-semeek probatzea erabaki zuten. «Mendira joatea gustuko genuenez, nire anaiak aipatu zidan probatu genezakeela. Hasieran ez genuen ezer ulertzen», azaldu du Jonek. Esperientzia asko gustatu zitzaien, eta urtebetera txapelketa batean parte hartu zuten familiarekin: «Unax etxeko txikiena animatu zen gurekin etortzera lehendabizi, eta gerora Ana nire emaztea ere». Ordutik, hamar urte inguru pasa dira, eta Galarraga-Lopez sendiarentzat zaletasuna baino gehiago bihurtu da.

«Altxorraren bila jolastea bezalakoa da», dio Jonek. Mapa bat, iparrorratza eta gogoa behar dira orientazio kirolerako. «Ingurune batean mapa bat interpretatzea da, lasterketa moduan. Proba bakoitzean antolatzaileek jartzen dute zein baliza bilatu behar diren. Horiek azkarren topatzen dituena edo denbora tarte laburrenean baliza gehien batzen dituena da irabazlea», azaldu du Kimetzek. Modalitate eta kategoria ezberdinak daude, adinaren arabera zailtasuna handiagoa da eta bakarka zein taldeka parte hartu daiteke: «Mendia gustuko duen edozeinek egin dezake».

Urgulleko esperientzia
Orientazioa zer den erakutsi eta jendea erakartzea dute helburu. Horregatik, probak antolatzen hasi ziren Gipuzkoako Orientazio Taldetik. Urtarrilaren 8an Donostiako Parte Zaharrean Urgulleko lehen orientazio proba antolatu zuten –liga herrikoiaren egutegiko bigarrena–, eta 300 lagun baino gehiagok parte hartu zuten. Horietatik, 100 bat donostiarrak izan ziren.

Kimetz arduratu zen ibilbidea diseinatzeaz: «Lehenik mapa berritu behar izan nuen, San Telmo eta beste leku batzuen eremua aldatu delako. Ondoren, bi hilabetetan, hiru kategorien ibilbideak prestatu nituen: horia, laranja eta gorria. Guztiak probatu eta egingarriak zirela ikusi nuen». Baimen eta bestelakoez Jon eta orientazio taldekoak arduratu ziren. «Egun berean baliza guztiak jarri behar dira, eta nahiko goiz jaiki behar zara horretarako. 30 baliza zegokien lekuan jarri genituen goizeko bederatzi eta erdietarako», azaldu du Jonek.

Ibilbidearen mapa, iparrorratza, balizetarako txipa eta ikastaro laburra eman zieten izena eman zuten guztiei. «Lasterketan azaldu beharreko lehen gauza da antolatzaileak jartzen duela mapa. Materialen artean iparrorratza eraman dezakezu edo alokairuan hartu», azaldu du Kimetzek. Duela urte batzuk balizetatik pasatu zinela ziurtatzeko, orri bat bat zulatzen zen grapagailu batekin. Gaur egun, ordea, txip elektronikoak erabiltzen dira: «Txipa boligrafo txiki bat bezalakoa da, eta horrek informazioa ordenagailu batera bidaltzen du. Bukaeran denbora guztiak kontsultatu daitezke; puntuz puntukoak eta orokorrak».

Alderdi Ederren hasi eta bukatu zen proba, udaletxearen parean. Parte Zaharretik pare bat buelta eman, portutik pasa eta Urgull mendia bi aldiz igo eta jaitsi behar izan zuten parte hartzaileek. Ibilbidea erakargarriago egiteko hainbat tranpa jarri zituzten. «Trinitate plazan kokatu genuen baliza bat, baina bertara iristeko hartzen zenuen bidearen arabera, aurkitu zenezakeen edo ez». Horrekin batera, Alderdi Ederreko lorategian sprint berezi bat jarri zuten bukatzeko. Kimetzen kezka nagusia ibilbidea denen gustukoa izatea zen: «Kritika onak bakarrik jaso zituen».

Donostian aukera gutxi
Urgull, Ulia eta Igeldo mendiek ez dute askorako ematen. «Donostia ez da leku aproposa orientaziorako. Bide asko dago eta sastraka gutxi. Paraje ederrak daude, baina mapen zailtasuna mugatzen dute. Nolabait, leku aspergarriak dira», azaldu du Kimetzek. Horren erakargarria izan ez arren, gauza dibertigarriak antolatu daitezke. Horregatik, Gipuzkoako Orientazio Liga herrikoian Donostiak ere badu bere lekua.

Urgulleko probaren ondoren, ekainaren 4ean Ulia mendian egingo dute proba. Liga herrikoiaren denboraldiko seigarren eta azkena izango da. «Iaz Ulian antolatu genuen probari esker jendeak gure berri izan zuen», azpimarratu du Jonek. Oraindik urrun samar ikusten dute ekaina, eta lasterketa ospatu baino hilabete lehenago hasiko dira antolaketa lanekin. «Oraingoan aitari tokatzen zaio prestatzea», dio Kimetzek.

Gipuzkoan orientaziorako leku hobeak daudela uste dute biek: «Adibidez, Aiako Harrien eremua oro aproposa da». Euskal Herriko zein Espainiako beste txoko batzuk egokiagoak iruditzen zaizkie. Horregatik, maiz kanpora bidaiatzen dute eta Espainia mailako Ipar Ligan lehiatzen dute.

Europan ezagunagoa da
Euskal Herrian oraindik nahiko ezezaguna da orientazioa, baina Europako hainbat herrialdeetan nahiko hedatua dago. «Suedia, Suiza edo Eslovenian asko praktikatzen dute, eta txikitatik hasten dira. Ikusi ditudan irudietan lau eta bost urteko haurrak ederki moldatzen dira maparekin batera eta bestera», dio Jonek. Urrutira joan gabe, Katalunian ere orientazio kirola indarra hartzen ari da: «Eskolaz kanpoko jarduera da. Astean behin, haurrak hartu eta autobusean eremu batera eramaten dituzte orientazioa praktikatzera.

Mendi korrikak izan duen arrakasta ezin da orientazioarekin alderatu. Horrela ere, azken urteetan gorakada izan du Gipuzkoan eta Euskal Herrian. «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan talde bana gaude, eta elkarren artean ondo moldatzen gara materiala konpartitzeko», argitu du Jonek.

Geroz eta gehiago dira orientazioaz interesa agertzen dutenak. Horiei zer den erakustea eta irakastea ezinbestekoa iruditzen zaie. Izan ere, mapa bat interpretatzea ez da kontu erraza. «Mapa batek osagai ezberdinak ditu. Altuerak zehazten dituzten marrak, koloreak, datuak, … Borobil txikien bidez jartzen dira elementuak. Harri, zuhaitz edo kobazulo bateko sarrera izan daiteke. Borobil bakoitzak zenbaki bat eta deskripzioa dauka. Baliza bilatzerako orduan elementua errealitatean azkar kokatzea garrantzitsua da», azaldu Kimetzek.

Ezagutza teknikoa ez ezik, fisikoa zaintzea ezinbestekoa da orientazio kirolerako: «Mendian ibiltzea edo korrika egitea bezalakoa da, eta horretarako entrenamenduak egitea gomendagarria da». Nolanahi ere, edozeinek egin dezakeen kirola da, bakoitzak bere ahalmenaren arabera. Argi dutena da orientazioa behin probatzen duenak errepikatu egiten duela. «Lasterketa bukatzean, jendeak galdetzen digu hurrengoa noiz den», esan du Jonek.

Aurrera begira planik ez zaie falta, eta asteburuan familia osoa Valladolideko orientazio proba batera joango da. «Ez genuen parte hartzeko asmorik, baina azkenean laurok joango gara», dio Jonek. Familian egiteko proposamen ezberdina da: «Gure asmoa beti ondo pasatzea da, eta bisitatzen ditugun inguruak ezagutzea».

CONSULTAR TAMBIÉN

ORIENTAZIO TOPAKETA 2019

Para los socios de GOT-COBI-COA y CDN, 15 y 16 de junio, excelente ORIENTAZIO TOPAKETA! …