OHIKO BATZAR NAGUSIA

2026ko urtarrilaren 31n ospatu zen Ohiko Batzar Nagusiaren akta.

OHIKO BATZAR NAGUSIA

  • Eguna: 2026-01-31
  • Ordua: 11:30
  • Lekua: Pagoeta Mendizale Elkartea, Santa Marina 4, Zarautz

Bertaratuak: Marina Lertxundi, Odei Ubegun, Su Lim Maeng, Joseba Karrikiri, Ibon Goikoetxea, Txemi de los Dolores, Ainhoa Laffage, Amaia Arruti, Borja Del Estal, Oihana Zuazolazigorraga, Gorka Oroz, Iñaki Zorita, Igor Latasa, Felix López, Ana Gutierrez.

Aukezpen bat egiten da eta bertan zuzendaritza batzordeko kideen zerrenda eta arduraren araberako emailak adierazten dira. Baita bazkide laguntzaileena eta beraien ardurak. Ondoren gai zerrenda azaltzen da:

1. 2025eko kontuen onarpena

Gastuen eta sarreren desglosea aurkezten da eta diferentzia negatiboa agertzen dela adierazten da. Aurten, beste klubekin alderatzeko, proben prezioak igo direla adierazten da eta horrekin positiboan egotea aurreikusten da.

Dirulaguntzei buruz galdetzen du bazkide batek. EMF, GMF eta udaletatik datozela azaltzen da. Puntualki egoten omen dira dirulaguntzak, baina ez direla ezagutzen guretzako baliogarriak direnak. Norbait laguntzeko prest egongo balitz eskertuko litzatekeela adierazten da.

Bazkide batzuk kuota igotzeko proposamena egiten dute, oso merkea dela adieraziz. Hurrengo urterako proposamen gisa uzten da.

2. GOTek 2025ean egindako jardueren azalpena

GOLeko 6 probak, Berastegiko rogainea eta Ipar Ligako proben laburpen bat egiten da.

Liga Norte proban egon ziren 2 istripuetan suhiltzaileak etorri behar izan zirela azaltzen da, baina ez zitzaiola GOTeri konturik eskatu. Seguruei buruz azaltzen da: gure probetan 3 seguru mota ezberdinetako partaideak ditugula —FEDOtik, EMFtik eta eskola kirola barruan daudenak Foru Aldundiko segurutik. Bakoitzaren seguruak tramitazio ezberdina duela istripu kasuan. Alerta dagoen kasurako, HORIA abisua dela, baina LARANJA alerta izaten dela; beraz, kasu horietan probak suspenditu egin behar direla zehazten da.

3. GOTek 2026rako aurreikusitako jardueren azalpena

GOLeko 6 probak eta horietako bat EHKO izango dela eta Bidania-Goiatz-eko Iberogainea azaltzen dira.

Foru Aldundiko mendietako sailarekin, parke naturaletan edo Natura 2000 espazioetan baimenak lortzeko izaten ari garen arazoak adierazten dira. 2025eko urritik eskaera ofizialak eginda daudela adierazten da Urdaburu, Pagoeta, Arantzazu eta Hernioko eremuetan probak egiteko.

Pagoetako teknikariak ez digu uzten Agorregi inguruan (Jardin Botanikoan) ez bada. Basoan ez garela sartuko, baina Muguril inguruko larreetan uztea eskatu zaio emailez, baina ez digu erantzun. Ez dugu ofizialki erantzunik ere jaso. Bere ezezkoa, parke naturalen araudiak bidez kanpo ezin dela ibili esaten duelako justifikatzen du.

Arantzazuko teknikariak leku batzuk mugatu dizkigu balizen kokapenerako. Gure trazatuen zain dago.

Urdaburukoak baimena eman berri du.

Hernio eramaten duen teknikariak ez du erantzunik eman. Berriro deitzekotan geratu da lehendakaria.

Euskal Herriko Orientazio Kopa Euskal Herriko eta Nafarroako mendi federazioak eskatuta hasiko dela adierazten da. Diru laguntza emango digute, baina 4 kluben (GOT, COA, COBI eta CDN) artean erabaki zen oraingoz ez lan gehiago hartzea. Beraz, bakoitzaren ligetako proba bat aukeratzea erabaki zen eta horiekin kopa sortu. Erregelamendu bat idatzi da, 4en artean adostua, irekia, urtero berrikusi eta aldatu daitekeena.

Bazkide batek WhatsApp bidez adierazi zuena proposatzen da: ibilbideak (Horia, Laranja, Gorria eta Beltza) adinaren arabera mugatzea. Lehen adierazi bezala, 4 kluben artean hartu beharreko erabakia dela eta aurten egingo ez den arren, hurrengo urteetan denak ados badaude azaldu eta erabaki daitekeela adierazten da.

GOTek dituen mapak formatu editagarrian uztea edo ez eztabaidatzen da. Bazkide baten eskaera dago eta PDF formatuan uztea proposatzen da. Alde kontrajarriak daude. ZOEko kasuan, galdetzen zaio entrenatzaileari ea hezkuntzarako editagarria behar duen edo ez; honek editagarria dioen momentutik, eskaera egiten duen bazkideak hezkuntzarako behar duen heinean, honi ere editagarrian utzi behar zaiola erabakitzen da. Hala ere, lagapen idatzi bat prestatzea beharrezkoa dela adierazten da.

4. Galdera eta eskaerak

Ez dago galdera eta eskaerarik.

Amaitutzat geratzen da bilera.