Badugu bueltan Irimogaine datorren Urriaren 1ean, Urretxun garatuko den rogainea. 2017ko edizio honetan hainbat berrikuntza izango ditugu: oraingoz, aurreratu dezakeguna, mapa modu adierazgarrian hedatu dugula eta irteera/helmuga puntua herriko nukleoan bertan izango dela dira.
Bi kategoria mantenduko ditugu:
● 3 ordu: desnibel gutxiago izango du, zailtasun tekniko handiko balizak ekidituz.
● 4 ordu: iraupena ordubetean luzatzen dugu. Mapa hau zabalagoa izango da, baliza eta desnibel gehiago edukiko ditu, fisikoki gogorragoa bihurtuz. Estrategiak berebiziko garrantzia izango du.
Pasa den urtean bezalaxe, izen ematea zein sailkapena bakarkakoak izango dira. Behin mapa jasota, partaideak berak erabaki dezake bakarrik, bikoteka edo lagunekin joatea.
Rogaine bat zer den ez dakienarentzat, jarraian azalpen txiki bat:
Mendi lasterketa, abentura raid eta orientazio lasterketen erdibidean dagoen aktibitate bat da. Partaideek, froga garatuko den eremuaren mapa espezifiko eta oso zehatzaz baliatuz, mapan bertan markatuta azaltzen diren kontrol puntuak bisitatu beharko dituzte sailkapenerako puntuak lortzeko. Irabazlea, ezarritako denboran puntu gehien pilatzen dituena izango da.
Rogainearen bereizgarritasun nagusia kontrol puntu guztiek puntu kopuru berdina balio ez izatean datza, planifikazio eta estrategiari berebiziko garrantzia emanez. Ez dago derrigorrezko kontrol punturik, beraz, ibilbidea librea da maparen mugen barnean.
Zuen zain gaude!