INFORMAZIOA GAZUME 2022

INFORMAZIOA GAZUME

Gipuzkoako 2021-2022 VI. Orientazio Liga herrikoiko 2. proba  Asteasu eta Errezil herri-eremuen artean ospatuko da, zehazki, Gazume-Iturriotz eremuan. Harrera gunea, irteera eta helmuga puntua Iturriotzen kokatuko da.

OHARRA

Antolaketa gunea / Centro de Competición (CC) Iturriotzen egongo da. Aparkaleku txikia da eta oso ohikoa da inguruko mendizaleak Ernio mendia igotzeko beraien autoa bertan aparkatzea. Antolatzaileak ahaleginduko gara aparkaleku beharrak kudeatzen, baina autoak ahalik eta beteenak ekartzea eskatzen dizuegu. Goiko aparkalekua erraz beteko da, baina Andazarrate inguruan aparkatzeko aukera izango duzue (Iturriotzetik 1,7 km errepidez oinez).

Aparkatzeko egongo diren arazoak ikusirik, autokarabanarekin ez etortzea gomendatzen da (ahal bada noski!).

Iturriotzetik irteera puntura 10 minutu oinez daude.

 

INGURUAREKIKO ERRESPETUA

Orientazio proba Ernio-Gazume natur eremuaren barnean  ospatuko da. Horretaz gain, ohikoa da eremuan ganadua ibiltzea. Gogoratu, inguruarekiko errespetua gure kirolaren oinarrizko arau bat dela.

 

IZEN EMATEA
Eremuaren ezaugarriengatik, parte hartzaile kopurua 300 parte hartzailetara mugatuko da (laguntzaileak barne). Izen emate epea martxoaren 3a osteguna, gaueko 22.00 an amaituko da, edo lehenago, parte hartzaile kopurua gaindituko balitz. (kasu horretan ez da onartuko egunean bertan izen ematerik).

Oharrak :
Parte hartzaile GUZTIEK izena eman behar dute proban, nahiz eta laguntzaile moduan joan soilik. Antolaketak ez du bermatzen parte hartzeko aukerarik lehendik izena eman ez dutenei.

 

ZERBITZUAK
Inguru naturalean antolatuko den proba izanik, ez da zerbitzu berezirik eskeiniko.

 

IBILBIDEAK

Gorria———— 6,5 Km    18 baliza   330 m. desnibel 

Laranja———- 5,2 Km   15 baliza   200 m. desnibel

Horia————– 3,6 Km   15 baliza   150 m. desnibel

Ibilbideak orainarte GOL probetan ohituak gauden ibilbideak baino zailtasun gehiagokoak izango dira. Ia eremu guztiaren azalera handi bat larreak dira, eta eguraldi lainotsurik ez badugu, partehartzaile asko ikusiko ditugu balizak alde batetik bestera topatu nahiean.

Ibilbide horian bidexidorretatik irten beharko gara balizak topatzeko eta horrek iparrorratza erabiltzen trebeak izatea eskatuko digu.

Ibilbide laranja eta gorria ohikoa baino luzeagoak izango dira, baina eremu batzuetan abiadura handia hartzeko aukera emango dute.
Orokorrean, ibilbide guztietan, artzaiek eginiko harresiek asko lagunduko dute mapan zehar mugitzerako garaian.

Harresi hauetaz gain, garai bateko ikaztegi asko topatuko ditugu, batez ere pagadi barruan edota hauen inguruan. Ikaztegiak hiruki marroi batez irudikatuak daude mapan.

Adi puntu beltz karratu txiki askoko eremuetan. Eremu karstikoa adierazten dute eta bertatik, bidez kanpo, ibiltzea kosta egiten da.

 

MAPA
Gazumeko mapa Ricardo García Dengrak  egin zuen 2019-2022. urteen artean IOF arauak jarraikiz. Mapa aldapatsua da, eta orokorrean bertako basoak nahikoa garbiak dira (pagadiak). Bestalde, larre gune ugari ere badaude, bertatik erraz mugitu daitekeelarik. Maparen ezaugarrietako bat, bere aldakortasuna eta gunearen araberako xehetasun maila ezberdinak izatea da.

Mapak 1:7500 eskalakoak izango dira ibilbide gorri eta laranjan eta 1:5000 eskalakoak ibilbide horian. Mapa guztiak A4 tamainuan inprimatuak izango dira.